XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. ERABILERA Antonimoak kurtsibaz ageri dira.

Adiera ezberdineko sinonimoen ondoren datozenean, zeinen antonimoa den haren zenbakia darama aurrean.

Sinonimo guztiek ez dute, jakina denez, antonimorik.

Zenbait hitzek lehen adieran ez dute sinonimorik; bai, ordea, bigarren nahiz hirugarren adieran.

Adibidez: asto hitzak lehen adieran abere hori adierazten du eta ez du inolako sinonimorik; bigarren adieran, ordea, erreskada luzea etorri ohi da: kirten, lerdo, basati, astakilo, kaiku....

Urdin hitzarekin ere beste horrenbeste gertatzen zaigu: lehen adieran oskarbi den zeruaren koloreari deritzagu, baina bigarrenean baditu beste esannahi batzu: zuri, aurpegiaren kolore argia etab.

Laburdura hauek darabiltzagu liburuan zehar: (haur.): haur hizkuntzan erabili ohi den hitza.

(emak.): emakumezkoari dagokion hitza.

(giz.): gizonezkoari dagokion hitza.

(arrunt.): hitzaren esannahi arrunta.

(fam.): etxetiar eta ezagunen arteko hizketa.

(irud.): irudizko esannahia.

(perts.): gizakiari dagokion hitza.

Esamoldeak, esaldi eginak, albait gutxien sartzera jo dugu hala ere banaka batzu agertzen dira, maiz erabiliak diren kasu batzutan.

4. AZKEN HITZA Azken batez hemen duzu, irakurle, burutua eta ahal bezain ongi biribildua sinonimoen hiztegi berri hau.

Lanorduetatik kanpo, astirik ezari ere nondik edo handik ostutako ordu galduetan hezur-mamitu dugu zatika, bakarka eta taldeka.

Presaren markaz eta nekez lortutako fruitua duzu.

Akatsak kentzen, orrazten ikutuka luzaro erabili arren, beti itzuriko zitzaizkigun batzu.

Ongi egin nahi, aise egin nahi... baina lan neketsuan ari ginela euskaltzale eskarmentudun batek jaulkitako esaera zorrotza ez zaigu berehala ahantziko: ongi eta erraz usoak hegaz!.

Ikasle (haur nahiz heldu), irakasle, idazle, itzultzaile, kazetari, bertso eskoletan hitzaren eta doinuaren jolasetan ari zaretonok, euskaltzale fin hori... guztiok izan zaituztegu gogoan.

Zuei euskararen isuri oparoa hurbiltzea zen gure xedea.

Hitzaurre honi azkena eman aurretik ezin ahaztu teknika aldetik hain laguntza baliotsua eskaini diguten Agurtzane Uriarte eta Iñaki Ibarra bikoteari geure eskerrona agertzea.

Gure lana zuen lagungarri eta euskararen mesedetan izango delakoan, agur t`erdi! Bostak Bat lantaldea Bilbo, 1988, Azaroak 9.